Deustuko burrunbak


Deustu Bilbok dituen 8 administrazio-unitateetako bat da, 1. Barrutia, hain zuzen ere.Nerbioi ibaiaren eskuineko aldean dago, Deustuko Unibertsitatetik Elorrietaraino zabaltzen da eta Arangoiti, Ibarrekolanda, San Ignazio, Elorrieta, Deustuko Doneperiaga eta Erribera auzoek osatzen dute. Biztanlerik gehien dituen Bilboko 3. barrutia da eta 1925era arte, Deustu udalerria izan zen.

Deustuko hibridazioa aspaldikoa da. Jatorrian, Erribera merkataritzako gunea eta alde kosmopolita zen, marinelen eraginez; barrualdea, ordea, nekazaritzari lotuagoa, txakolina eta tomate ederrak ekoizten zituzten San Pedrotik San Ignaziora bitarteko baratze itzelean.

XIX. mendean Deustuko elizatea eraldatzen hasi zen: Bilbao Goyoaga, ontziolak… Baina benetan garai hartan Deustuko barrutiaren itxuran erabakiorra izan zen elementua Bilbo itsasoarekin lotzen zuen trena egitea izan zen. Trenari esker, Bilboko burgesiak Areetaraino joateko aukera zuen, eguzkia eta aire garbia hartzera eta aldi berean, Deustuko bizilagunak hiribururaino modu erosoan joan joan zitezkeen eta euren produktuak merkatura eroan zitzaketen.

Deusto_006

XX. mendean, Deustuko paisaia urbanoa nabarmen aldatu zen zenbait obra egin zirenean: kale nagusia, Agirre Lehendakariaren etorbidea, zabaldu zen, Deustuko zubia eraiki eta kanala zabaldu eta San Ignazio-Elorrietako bizilekuetarako proiektua burutu zen. Bien bitartean, Erribera bete-betean sartuta zegoen industrializazio-prozesuan: Artiach, Talleres Deusto, La Coromina Industrial, Cadenas Vicinay…

Deustu betidanik izan da kulturen arteko zubia. Lehenengo, Estatuko beste herrialde batzuetako etorkinak izan ziren, lanerako aukeren bila etorritakoak, eta, azken urteotan, atzerriko herrialdeetatik etorritakoak. Hauek Agirre Lehendakariaren etorbidearen itxura aldatzen lagundu dute: munduko jatetxeak, era askotako ile-apaindegiak, beste herrialde batzuetako produktuak saltzen dituzten dendak…

Izan ere, Deustuk beste begi batzuekin begiratzen du: begi argiekin, begi zeiharrekin, begi ilunekin, begi handiekin, arbendol-itxurako begiekin, besteak beste. 2013an, Deustuko barrutian 3.543 atzerritar bizi ziren, barrutiko biztanleen % 7,1. Latinoamerikarrak dira nagusi.

Gehienbat gazteak dira, 25 eta 35 urte bitartekoak; horiek barrutian bizi diren atzerritarren % 36,61 dira; bigarren lekuan daude 17 eta 24 urte bitartekoak, % 12,73, hain zuzen ere, eta, batez ere, Doneperiaga auzoan bizi dira baina baita San Ignazion, Ibarrekolandan eta Arangoitin ere.

Izan ere, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren gaietarako Sailararen iritziz, garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko funtsezkoa da dibertsitateak eskaintzen dizkigun aukerak baliatzea, uste baitugu dibertsitateak hirien erakargarritasuna eta lehia handitzen dituela. Hortaz, guztion ardura da dibertsitatea behar bezala gestionatzea, gizarte-kohesioko oinarrizko printzipio hau nagusi izango duen gizartera eramango baikaitu dibertsitateak: irekita egotea, alegia, beste ideia eta kultura batzuekiko jarrera positiboa, izateko eta gauzak egiteko modu desberdinak, azken batean, berrikuntza, sormena eta kultur artekotasuna bultzatzeko aldaketak onartzea.

Bide horretan laguntzeko, Bilboko Udalak badu Dibertsitatea Gestionatzeko Udal Plana; elkarbizitza eta integrazioa sustatzen ditu plan horrek, ekintza-ildo desberdinak garatuz. Udalerriko barruti guztietan aplikatzen da zuzenean, eta horren adibide dugu Identibuzz Deusto.

Eta bien bitartean, tigre erraldoiak, orroaka ari den tigreak, handik goitik, ibai ertzeko talaiatik, deustuar guztien joan-etorriak jagoten ditu; barrutian gertatzen ari diren berrikuntzako eta aldaketako prozesuei dei eginez legez. Guztiok gara, modu batean edo bestean, gara aldaketa horien erantzule.

Proiektuaren azken edukiak