Lautadako burrunbak


Salvatierra (25 de 41)

Aguraingo Kuadrilla Arabako Lurralde Historikoko zazpi kuadrilla edo eskualde administratiboetakoa da, eta bertako herritarren eta, batez ere, landa-ingurunekoen premiei aurre egitea dauka helburu.

Aguraingo Kuadrilla Arabako Lautadan dago kokatuta, honako 8 udalerri hauek dira bertako kideak: Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Elburgo, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Agurain eta Zalduondo. Beheragoko mailan, ordea, 50etik gora batzar administratibo, auzo eta kontzeju daude.

Jatorri-jatorritik, Aguraingo Kuadrilla igarobidea eta elkargunea izan zen. Bordele (Burdigala) eta Astorga (Asturica) lotzen zituen Iter XXXIV galtzada erromatarrak lautada zeharkatzen zuenez, mendeetan eta mendeetan San Adrian Tuneletik Arabara sartzen ziren hainbat eta hainbat lagun igaro ziren bertatik, eta Aguraingo udalerrian bertan hartzen zuten galtzada: bidaiariak, Santiago bideko erromesak, merkatariak…

Gaur egun ere, derrigorrezko igarobidea da Frantziarantz. Edonola ere, azken hamarkadotan, apurka-apurka Aguraingo Kuadrillak landa-exodo nabariari aurre egin behar izan dionez, ia-ia bakarrik eta utzita geratu dira iraganean jarduera eta bizitasun handikoak izandako herri-gune handiak. Dena dela, erantzuna alderantziz etorri da zenbait herrialdetako biztanle berriak inguruan finkatzen hasi direnean eta euren sinesmen erlijioso desberdinak, hizkuntza ezezagunak eta kultura exotikoak ekarri dituztenean. Hori dela eta, lekua baino gehixeago partekatzen dute gurekin: eskualdearen etorkizuna.

Horrela, bada, Aguraingo Kuadrillan 12.584 lagun bizi dira gaur egun, eta, euretatik, 1.128 beste jatorri batekoak dira. Aguraingo Kuadrilla 591 gizon eta 537 emakume horien bizilekua da, eta, aurreko hamarkadetan beste garapen-gune batzuetara joatean Kuadrillako bertako bizilagun askok egin zuten bezala, etorkizun itxaropentsua lantzeko asmoz etorri dira.

Errealitate horren jakitun, 2013an Aguraingo Kuadrillak partaidetzazko prozesua jarri zuen abian, Aguraingo Kuadrillako elkarbizitzarako oinarri eta lerro nagusiak ezarri ahal izateko. Bertan, hain zuzen ere, gizarteko zenbait eragilek eta erakundek parte hartu zuten, eta aniztasunean oinarritutako elkarbizitzaren sustapenerako plana abian jartzea zeukan helburu, babestu beharreko aukera eta ondare kulturala da-eta.

Erronka handia da, beste asko bezala, baina Aguraingo Kuadrillak, bertako herriek eta biztanleek, apustu irmoa egin dute lur hori hobetzen jarraitzeko. Izan ere, lur horrek betidanik izan du, dauka eta edukiko du konpromisoa elkartasunarekin, oso-oso gustuko du ondo egindako lana eta behar bezala zaintzen du elkarbizitza. Horrez gain, ongietorria ematen die eskualdeko garapenaren alde lan egitera, elkarrekin bizitzera eta finkatzera datozen guztiei.

Proiektuaren azken edukiak