Tolosaldeko burrunbak


IMG_9602

Tolosaldeko eskualdea Gipuzkoako lurraldeko ekialdean dago kokatuta, Nafarroako mugan. Ardatz egituratzailea Oria ibaia da. Bailara bera eratzen du, eta, bertan, eskualdeko hirigune nagusiak daude kokatuta: Tolosa, Ibarra, Irura, Anoeta eta Billabona. Guztira, 28 udalerri daude Tolosaldean1, hirigunekoak eta landa-ingurunekoak kontuan hartuta. Gainera, Oriako bailaran ez ezik, bailara mugakideetan ere badaude kokatuta: Aiztondo, Araxes, Berastegi edo Amezketa.

2012ko abenduan, 45.411 biztanle2 zeuden Tolosaldean. Euren artean, %5,52 atzerritarrak ziren (2.506 lagun), eta gehienak Europar Batasunetik kanpokoak ziren, gainera (%67). Hona hemen biztanle atzerritar gehien dituzten udalerriak, hurrenez hurren: Tolosa (1.010), Villabona (412), Ibarra (236), Zizurkil (172) eta Alegia (133). Dena dela, irizpide proportzionala kontuan hartuz gero, honako hauexek dira biztanle atzerritar gehien dituzten udalerriak: Lizartza (%13,69), Leaburu-Txarama (%7,57), Alegia (%7,49), Belauntza (%7,12) eta Billabona (%7,01). Eskualdeko aniztasuna handi-handia da, 60tik gora nazionalitatetako bizilagunak daudelako bertan.

Tolosaldeko biztanle atzerritar gehienak Marokokoak dira (%27); gero, Portugalgoak (%24); eta, ondoren, Errumaniakoak (%18), Nikaraguakoak (%15) eta Ekuadorrekoak (%8). Gehienak gazteak dira, eta zerbitzuen sektorean lan egiten dute, batez ere.

Tolosaldeko sare sozio-ekonomikoan, metaketa handia dago bigarren mailako sektorean, lehen mailako sektoreko urtarokako jardueren osagarri. Betidanik, papergintza bizitasun ekonomiko handiko poloa izan da eskualderako, eta lanpostu zuzen eta zeharkako ugari sortu ditu. Hala ere, eskualde honetan ere badago langabeziarik (%12, gutxi gorabehera), eta, batez ere, zenbait jatorritako bizilagunen artean du eragin handiena (%21).

Eskualdeko ardatz egituratzaile ukiezina eta Tolosaldeko ondare kulturala euskara da. Gutxi gorabehera, bertako biztanleen %70-%80 dira euskaldunak. Hori dela eta, tokian tokiko administrazioak eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek zenbait plan jarri dituzte abian, hizkuntza ez dakiten bizilagunak euskalduntzeko eta hizkuntza bera integraziorako elementu nagusia izateko.

Tolosaldea Garatzen Tolosaldeko Garapen Agentziako Migrazio eta Aniztasun Sailak Tolosaldera iristen diren etorkinei ematen die harrera. Era berean, udalei, ikastetxeei eta elkarteei ere ematen die aholkularitza teknikoa, aniztasuna kudeatu dezaten. Horrez gain, Tolosaldeko Migrazio Mahaia ere koordinatzen du, eta, bertan, zenbait elkartek nahiz instituziok parte hartzen dute, jarrera barneratzaileak eta kulturen arteko harreman berriak sustatzeko. Horren adierazgarri, honako ekitaldi hauek antolatzen dira, besteak beste: Etorkinen Nazioarteko Eguna dela eta (abenduaren 18a) egiten den “Kulturen arteko Topaketa”; Arraza Bereizkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta (martxoaren 20a) Bereizkeriaren aurka eta Aniztasunaren alde egindako Jardunaldiak; edo Aniztasun Kulturalaren Nazioarteko Eguna dela eta (maiatzaren 21ean) Aniztasun Kulturalen alde egindako Jardunaldiak. Aldi berean, Tolosaldeko udalerrietan bizi diren zenbait jatorritako bizilagunen partaidetza ere bultzatzen da eurek antolatutako ohiko jardueretan, baita herrien aniztasuna kontuan hartzen dituzten jardueren programazioan ere.

1 Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkil

2 Iturria: Tolosaldeko Udalerrietako Errolda.

Proiektuaren azken edukiak